XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nahas-mahasian harrotuta eduki ordez, kiribilatua zeukan kokotean eta masailalboak laztantzen zizkion.

Hegalka jarri zen bi aldeetara: gorpuzkera dotorea zuen gona estu-estu eta takoi pixka bat zuten zapata dotore haiekin.

Mahuka lasaiko jertse motzak, azken modako zurigorri moratuak, kontraste egiten zuen haren larruazal zurbilarekin eta areagotu egiten zion begien ezohizko sakontasuna.

Aldatu egin naiz, pentsatu zuen, bere buruari begiratuz.

Eta bazekien horrek zerikusi handia zuela Cliverekin... Cliverekin eta uztailean, hilabete barru hain zuzen, hamazazpi urte (adin majikoa!) bete behar izatearekin.

- Arraroa dun esan zuen Patsiek, Gerryren laranja-berniz berria atzazalei emateari utzi eta begiak goratuz, baina behin azterketak hasi eta gero, urduritasuna guztiz desagertu zitzaidanan!.

Gerryk baiezkoa egin zion buruaz.

- Ulertzen dinat zer esan nahi dunan.

Azterketen gauzarik txarrena aurrez berorietan pentsatu beharra izaten dun, ez garaia iristen denean egitea. Oso arraroa, bai.

Gerryren logelan zeuden bi lagunak atsedenean.

Patsie lanmahaian eserita; Gerry, berriz, ahozpez moketa gainean luze-luze etzanda, Patsiek ekarritako diskoen artetik aukeraketan.

- Ona ematen din honek - esan zuen Gerryk, Arcadiaren azken grabaketa eskuan zuela.